AZKEN SARRERAK

2017(e)ko ekaina 26

Golden 5: argia ikasgeletan

Ez da lehenengo aldia Golden 5 proiektuaren berri ematen dugula Donosgune blogean. Ikasturte honetan ere zabaldu genuen programaren oinarrizko informazioa sarrera honetan:
Golden 5: Gure ikasleek distira egin dezaten.
Bertan jaso dezakezue proiektuaren nondik norakoa eta, horregatik, oraingoan ez dugu azalduko. Gaurko nahia, ordea, zera da: azken ikasturtean zer jaso dugun eta epe laburrean zer aurreikusten dugun konpartitzea.


2016-17 ikasturtean, mintegi berezia eraman dugu aurrera, berezia formatuan eta edukian. Formatuari dagokionez, zortzi saio izan ditugu, bost Berritzegunean, Donostiako ikastetxeetako arduradunentzat, eta hiru EHUko egoitzetan, Maria Jose Lerak emanda, Gipuzkoa osoko ikastetxeetatik etorri diren irakasleentzat. Berezia ere, edukiari dagokionez, proiektuak hartu duen sendotasunaren ondorioz. Alegia, bost eremuetan sakontze lan handia egin dugu, gako urratsak oinarrizko behar psikologikoak asetzeko duten ahalmena arakatuz. Arakatze hau Maria Jose Lerak hasitako prozesu bat izan da eta ahalbidetu du zonaldetako mintegietan bide bera jorratzea. Zabaldu den bidearen ideia bat izan dezazuen, "Golden 5: luz para las aulas" liburuaren hitzaurre zati bat ekarri dugu hona

Formakuntza sakona izan da, beraz, eta hala baloratu dute mintegian parte hartu duten irakasleek ere. Partaideen ekarpen batzuk hona ekarri ditugu, Golden proiektua haratago doala islatzen dutelako:

Alderdi zabalak betetzen ditu Goldenek; eduki ugari eta aberatsak.
Kontzientzia pizten lagundu digu, ondo egiten ari garena ikusi eta horretan sakondu eta zuzendu beharreko jarrerak era egokian, "konplexurik gabe" zuzentzen.
Saio hauek arnasa eman digute indarberritu eta aurrera egiteko.
Gizarte positiboa sortzeko oinarriak ezagutu ditugu eta, neurri batean, martxan jarri.

Bat egiten dugu pertzepzio horrekin proiektuan gabiltzan aholkulariok. Golden 5 zabaltzen eta sakontzen doa. Gizabanakoaren autodeterminazioa oinarri, heziketa praktika osoa hartzen du eta komunikatzeko, ikasteko, pentsatzeko, elkarrekin bizitzeko, ekimenerako eta izaten ikasteko bide bikaina dela uste dugu. Eta, jakina, ikaslearen zehar-konpetentzia guztiak garatzen dituenez, ez dago esan beharrik diziplina barruko konpetentzietan ere sekulako eragina duela.

Horregatik, eskola eta gizartea hobetzeko bide horretan sakonduz, honako gaiak ekarriko dizkigu datorren ikasturterako antolatzen ari garen prestakuntzak:
  1. 2016-17 ikasturtean ikastetxeetan egin den ikerketaren emaitza, indarguneak azpimarratuz eta hobetzeko esku-hartzeak proiektatuz. Ondorioz, Golden 5aren sistematizazioa (ikerketan lehenetsitako gakoen baitan) ikasgelaren programazioan integratuta.
  2. Golden 5 ikasgelan inplementazioaren adierazleak, “CLASS: Classroom Assessment Scoring System” tresnaren bidez.
  3. Golden estrategiak Tutoretza Planean.
Oinarria, beti ere, gizakiaren hiru oinarrizko behar psikologikoak (gaitasun-ustea, harremanak eta autonomia) asetzea delarik eta jakinda hortik etorriko zaigula ikastetxeetan behar dugun bakea eta giro ona.

"Gauza berriak gertatzea nahi baduzu, ez ezazu betikoa egin"
Fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioa

2017(e)ko ekaina 13

Binaka arrazoitzen: matematika baino gehiago

Datorren ikasturteko prestakuntza diseinatzen ari gara eta orain arte izan ditugun prozesuak aztertu ditugu, ea proposamen berriak egin behar diren edo lehengo prozesuetan zer aldatu behar dugun erabakitzeko. Hori horrela, 2016-17 ikasturtean hasitako Binaka arrazoitzen mintegiaren balorazio oso ona egin dugu eta interesgarria iruditu zaigu informazioa zabaltzea.

Tutorea eta tutoratua problemak ebazten elkarrekin - irudiaren jabea: ARA CRIATURES

Bartzelonako UAB-ko GRAI (Grup de Reserca sobre Aprenentatge entre Iguals) taldearen eskutik jaso genuen iaz "Binaka arrazoitzen" programaren berri. Marta Flores Coll irakaslea gonbidatu genuen eta zuzenean aurkeztu zigun. Ondoren, ikastetxe batzuk berdinen arteko tutoretzan eta matematika arloan sakontzera animatu ziren eta aurrera jo genuen.

2016-17 ikasturtean programa garatzen eta aplikatzen jardun dugu Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako hainbat irakasleekin batera eta bukaeran egindako balorazioetako batzuk ekarri ditugu hona:

Programa oso egituratuta dago. Dena bideratuta dago, horrek errazten du lana eta programaren martxa.
Problemak ebazteko beste modu erakargarri bat ikastetxean ezartzeko, ikasleek gustura hartzen dutena.
Oso interesgarria ikaskuntza kooperatiboan aurreratzeko.
Gogoeta sakona problemen ebazpenaren inguruan; planifikazioa gai bereizgarri gisara.
Problemen ebazpenean berrikuntza; interakzio egituratu eta planifikazioa indartzen du.
Matematika lantzeko era berri bat.

Horrekin batera, mintegia eraman dugun aholkulariok arazo-egoeren bidez irakasteko bidea ere badela ikusi dugu, gaitasun anitzak abiarazten dituelako, planteatzen dituen jarduerak erronka txiki batzuk direlako eta, gehienetan, ebazpena irekia dutelako. Era berean esan dezakegu, Matematikarako konpetentziaz gain, Konpetentzia sozial eta zibikoa garatzen duela eta, zehar-konpetentziak diren Ikasteko eta pentsatzeko konpetentzia, Ekimenerako konpetentzia eta Elkarbizitzarako konpetentzia ere. Eta ez alboko ondorio gisara, intentzionalitate betearekin baizik. Horretarako izan baita diseinatuta.

Laburbilduz, programa aberatsa da eta oso ondo garatu ditu bi osagai nagusiak:
1. berdinen arteko tutoretza egituratua
2. eta problemen ebazpena arrazoitua lantzeko aproposak diren materialak.

Berdinen arteko tutoretzaz luze aritzea ez da behar, urte asko daramatzagu-eta gure ikastetxeetan praktikan jartzen, baina interesgarriak dira oraingo bertsio honek ekartzen dizkigun berrikuntzak. Bigarren osagaiari dagokionean, berriz, lan handia egin dugu aurten: katalanez eta gaztelaniaz zeuden materialak euskarara itzuli, gure egoeretara egokitu eta jarduera berriak sortu. Eta lan horri esker, datorren ikasturteko mintegian parte hartuko duten ikastetxeek behar duten guztia hasieratik eskura izatea bermatu ahal izango dugu.

Informazio gehiago nahi duenarentzat, hara hemen:
  1. Cuadernos de pedagogia aldizkariak argitaratu artikulua:
    Razonar en pareja (Cuadernos de pedagogia)
  2. Razonar en pareja liburuaren laburpena:
    Razonar en pareja: resumen del libro
  3. Ikasleak binaka aritzeko interakzio pauta:
    Interakzio pauta
  4. Ebaluaziorako material batzuk:
    Bikotearen autoebaluazioa
    Irakaslearen behaketa erregistroa
    Errubrika berritua
  5. Ikasleek erabiltzeko jarduera orri bat adibide:
    LH_3Z_Jarduera4_Irteera egunean euria egiten badu
Beraz, Binaka arrazoitzen ezagutu eta praktikan jarri nahi baduzue, atsegin handiz hartuko zaituztegu 2017-18 ikasturtean egingo dugun mintegian.

2017(e)ko apirila 5

20. Korrikan lekuko-eramale izan gara

BAT-ZUK leloan sinetsita, denon mundu honetan, kriseilu koloretsu honen baitan  biltzen den gure Euskara bultzatzera atera gara korrika 1260. kilometroan, Donostian, alaitasun eta ilusioz, zirrarak jota, gure txikitasunean proiektu erraldoi horren parte garela sentituta.

Txomin Enean elkartu gara kuadrilatxoa, gure talde sendoaren izenean. Lekukoa 3 partaideren artean zeramatela, elkarren indarrak bilduta, burutu dugu zegokigun kilometro zatia.
Bat egiten dugu antolatzaileek jai-ekimen honen aurkezpenean adierazitakoarekin: Nik, hik,  hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza;  gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.
Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde.  Kultura unibertsalaren alde.

Horregatik, elkar aberasten dugula, jendartearen partaide oro aniztasunean bidaide, gure ekarpentxoa sustatu dugu:  Euskara arretaz zainduz, gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.

 Hala bedi!

2017(e)ko martxoa 30

Korrika 20

KORRIKA 20! ----- Z I R K O R R I K A



Dakizuenez, apirilaren 30ean 20. Korrika izango dugu Euskal Herriko herrietatik barrena. Ikastetxeetan ere KORRIKArekin bat egiten da. Ikasleen artean dugun aniztasunari erantzuteko ahaleginean, zuekin partekatu nahi dugu KORRIKA 20, aurtengo abestiaren moldaketa hau.
Ikasle guztiek abestia uler dezaten eta ulertzearekin gozatu eta parte hartu!

video

Moldaketa: Bego Garaik egina.  

Gehiago jakin nahi?
http://www.korrika.eus/

Unitate didaktikoak:
http://www.korrika.eus/unitate-didaktikoa/ikastetxeetakomateriala.html

Korrika 20 - piktogramekin
https://youtu.be/SJ5MC-oIW0Y

2017(e)ko martxoa 23

Eleaniztasunerantz eta Hizkuntza Proiektuaren Mintegia


17-18 ikasturterako eskaintzen diren prestakuntza deialdi indartsu batzuen berria jaso dugu. Hauen artean Eleaniztasunerantz deritzana da. Iazkoarekin alderatuz ñabardura batzuk gertatzen dira.

Deialdiaren berria aprobetxatuz hitz egin genezake gaurko eguneko Hizkuntza Proiektua egiteko Gidak eskatzen duenaz. Hitz gutxitan esanda honako hau litzateke:

"XXI. mendeko euskal gizarteak, baina, dinamikoa izan behar du eta gero eta
eleaniztunagoa. Ezaugarri horietara egokitu beharra du eskolak eta herritar eleanitzak
lortu. Beraz, euskal eskolaren erronkari, elebitasuna indartzea, hau da, irteera profilean,
ikasleak bizitzako eremu guztietan euskaraz eta gaztelaniaz, ahoz zein idatziz, modu
egoki eta eraginkorrean komunikatzea, egun, beste erronka bat gehitu behar zaio:
gutxienez, atzerriko hizkuntza batean ezagutza nahikoa duten gizabanako eleanitzak
lortzea".



Lorpen hauek eskuratzeko Berritzegunean antolaturiko  Hizkuntza Proiektua egiteko Mintegiak ibilbide bat ireki nahi du. Izan ere behin baino gehiagotan gertatu den bezala beste aspektu batzuk lantzeaz gain eleaniztasun eremua hizpide izan da. Gaia ez baita amaitzen zein arlo edo irakasgai ematen den atzerriko hizkuntzaz. Eleaniztasunaren kontzeptuak ere buruhauste bat baino gehiago dakartza hausnarketa dimentsioa gero eta zabalagoa delarik. Era honetan sor daitezkeen gai interesgarri batzuk hauexek lirateke:

-Hizkuntzei buruzko irakasleen ideia nahiz hizkuntzetan izandako prestakuntzari buruz

-Ikasleen lehen hizkuntzak zeintzuk diren edo ikastetxean duten espazioren bat

-Hizkuntzen jabekuntza maila eta bakoitzaren progresioa

-Gizartean hainbat erabilpen-eremutan maneiatzen diren testuen mailak ezagutzea (alegia profesionala edo lan-esparrukoak)

-Eleaniztasun eremua bideratzeko denborak nahiz espazioak nola egokitzen diren


……………………………………………............................................................