2017(e)ko ekainaren 26(a)

Golden 5: argia ikasgeletan

Ez da lehenengo aldia Golden 5 proiektuaren berri ematen dugula Donosgune blogean. Ikasturte honetan ere zabaldu genuen programaren oinarrizko informazioa sarrera honetan:
Golden 5: Gure ikasleek distira egin dezaten.
Bertan jaso dezakezue proiektuaren nondik norakoa eta, horregatik, oraingoan ez dugu azalduko. Gaurko nahia, ordea, zera da: azken ikasturtean zer jaso dugun eta epe laburrean zer aurreikusten dugun konpartitzea.


2016-17 ikasturtean, mintegi berezia eraman dugu aurrera, berezia formatuan eta edukian. Formatuari dagokionez, zortzi saio izan ditugu, bost Berritzegunean, Donostiako ikastetxeetako arduradunentzat, eta hiru EHUko egoitzetan, Maria Jose Lerak emanda, Gipuzkoa osoko ikastetxeetatik etorri diren irakasleentzat. Berezia ere, edukiari dagokionez, proiektuak hartu duen sendotasunaren ondorioz. Alegia, bost eremuetan sakontze lan handia egin dugu, gako urratsak oinarrizko behar psikologikoak asetzeko duten ahalmena arakatuz. Arakatze hau Maria Jose Lerak hasitako prozesu bat izan da eta ahalbidetu du zonaldetako mintegietan bide bera jorratzea. Zabaldu den bidearen ideia bat izan dezazuen, "Golden 5: luz para las aulas" liburuaren hitzaurre zati bat ekarri dugu hona

Formakuntza sakona izan da, beraz, eta hala baloratu dute mintegian parte hartu duten irakasleek ere. Partaideen ekarpen batzuk hona ekarri ditugu, Golden proiektua haratago doala islatzen dutelako:

Alderdi zabalak betetzen ditu Goldenek; eduki ugari eta aberatsak.
Kontzientzia pizten lagundu digu, ondo egiten ari garena ikusi eta horretan sakondu eta zuzendu beharreko jarrerak era egokian, "konplexurik gabe" zuzentzen.
Saio hauek arnasa eman digute indarberritu eta aurrera egiteko.
Gizarte positiboa sortzeko oinarriak ezagutu ditugu eta, neurri batean, martxan jarri.

Bat egiten dugu pertzepzio horrekin proiektuan gabiltzan aholkulariok. Golden 5 zabaltzen eta sakontzen doa. Gizabanakoaren autodeterminazioa oinarri, heziketa praktika osoa hartzen du eta komunikatzeko, ikasteko, pentsatzeko, elkarrekin bizitzeko, ekimenerako eta izaten ikasteko bide bikaina dela uste dugu. Eta, jakina, ikaslearen zehar-konpetentzia guztiak garatzen dituenez, ez dago esan beharrik diziplina barruko konpetentzietan ere sekulako eragina duela.

Horregatik, eskola eta gizartea hobetzeko bide horretan sakonduz, honako gaiak ekarriko dizkigu datorren ikasturterako antolatzen ari garen prestakuntzak:
  1. 2016-17 ikasturtean ikastetxeetan egin den ikerketaren emaitza, indarguneak azpimarratuz eta hobetzeko esku-hartzeak proiektatuz. Ondorioz, Golden 5aren sistematizazioa (ikerketan lehenetsitako gakoen baitan) ikasgelaren programazioan integratuta.
  2. Golden 5 ikasgelan inplementazioaren adierazleak, “CLASS: Classroom Assessment Scoring System” tresnaren bidez.
  3. Golden estrategiak Tutoretza Planean.
Oinarria, beti ere, gizakiaren hiru oinarrizko behar psikologikoak (gaitasun-ustea, harremanak eta autonomia) asetzea delarik eta jakinda hortik etorriko zaigula ikastetxeetan behar dugun bakea eta giro ona.

"Gauza berriak gertatzea nahi baduzu, ez ezazu betikoa egin"
Fisika kuantikoaren oinarrizko printzipioa

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina